XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina bi lagunak Fallini gartsuki eta Fullini ez hainbeste ateari erasoka ari diren bitartean, despatxoko argia itzali egin da, derrepente; baita estudioko barnebideetakoa ere.

Ilunpe osoan geratu dira.

Laster entzuten dute altabozetatik, ordea (ez, barka: altabozetatik esan nahi dugu), ahots ezagun bat, norena?, Cesare Fillini traidore zikinarena: - Kaixo, jaunak, zer moduz?...

Azalpentxo bat zor dizuedala uste dut, azken finean adiskide eta lankide bait zaituztet... zintuztedan, hobeki esanda.

Gure Elkartearen Estatutuek bere 35. artikuluaren 36. atalaren 12. azpi-ataltxoan aurrikusten duten emergentzia osoko egoera delakoan oinarriturik eman dut honako esku-kolpe hau: ez-gaitasun nabarmena zuengan guztiz nabarmena dela nabarmen bait da.

Beraz, bukatu da filmea.

Hemendik aurrera neuk, Cesare Fillini idazkariak, eramango dut, neuk eta ez bestek, historia honetako ahots abeslaria, edo zuek zuen hizkuntza traketsean esango zenuketen bezala, boz kantantea.

- Off-boza esan nahiko duk, zerri horrek - murmurikatu du hortzak estuturik Giuseppe Fallini kamaragizon zinefilo porrokatuak.

Enrico Fullini zuzendari gazte prometagarri-ohiak ez du ezer esan: itsumustuka gutun irekitzeko labana zorrotzaren bila dabil, uztak, uztak hori, Enrico diotsa Giuseppek, ez diagu oraindik esperantzarik erabat galdu behar, pentsa ezak Giovanni gaztetxoak aterako gaituela agian ateka gaizto honetatik, ze hori seguru Giovanni ez zegok txorimalo horrekin elkar-hartuta... edo agian, beharbada, apika, akaso... gure nausia bera etorriko duk guri laguntzera, ez dezagun esperantzarik gal, Enrico.

Eta bi ko-zuzendariak zuzendaritza-despatxoan entzerraturik eta ilunbetan daudela, anbienteko altabozetatik Cesare Fillini idazkari arduratsuaren boza aditzen da, boz solemne eta oratorioa: SEGA kapitulua, bi partetan partitua...